11/03/2024-17/05/2024
Fecha Celebracion: 15/03/2024
Letren Fakultatean, ikastaro berizi eta berritzaile batek iraunkortasunaren erronkei aurre egingo die kulturatik abiatuta

Kultur transferentziei eta iraunkortasunari buruzko ikastaro bakar batek eta ikerketa-mintegi batek Europako hainbat unibertsitatetatik etorritako hogeita hamar ikasle eta nazioarteko hamabost bat aditu ekarriko ditu 2024ko maiatzean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Letren Fakultatera, Euskal Herriko hainbat eragile soziokulturalek planteatuko dizkieten erronkei irtenbideak bilatzeko. Gainera, berrikuntza pedagogikoko proiektu pilotu bat da, erronketan oinarritutako hezkuntza ezartzeko.

BIP ENLIGHT Connecting Cultures

"Connecting Cultures: Sustainability, Travel, Translation & Migration" ikastaroa, ENLIGHTen programa trinko konbinatua da (Blended Intensive Programme, BIP). Europako unibertsitate horrek UPV/EHU eta beste bederatzi unibertsitate biltzen ditu (Galway, Uppsala, Gent, Groningen, Göttingen, Bratislava, Tartu, Bordeaux, Bern). Ikastaroaren lehen zatia online egiten da martxoan eta apirilean, eta bigarrena aurrez aurre egiten da maiatzaren erdialdean, Letren Fakultatean, Gasteizen.

Gero eta interkonektatuago eta globalizatuago dagoen mundu honetan, funtsezkoa da ulertzea zein modutan eragiten eta eraldatzen diren kulturak elkarren artean, gizarte jasangarri eta inklusiboak sustatzeko. Ikastaroan hainbat ikuspegitatik aztertuko dira topaketa eta truke kulturalek dituzten erronkak eta aukerak. Kultura-elkarreraginen konplexutasunak eta horiek iraunkortasunean dituzten ondorioak aztertuko dira.

Ikastaroan hogeita hamar bat ikaslek parte hartuko dute, master eta doktoregoak, aniztasun linguistiko eta kultural ikaragarria irudikatuz. Izan ere, Galway, Tartu, Uppsala, Gent, Bratislava, Groningen eta UPV/EHUko unibertsitateetatik datoz, baina haien lotura kulturalak ez dira mugatzen Irlandara, Suediara, Belgikara, Euskal Herrira, Estoniara eta Eslovakiara, askoz haratago hedatzen dira: Iran, Indonesia, New Zelanda, Kolonbia, Serbia, Italia, Alemania, Ukraina, Azerbaiyan, Estatu Batuak, etab. Hizkuntza-aniztasun horri ikusgarritasuna emango zaio Euskampus-Bordeaux campuseko Ocean i3 mugaz gaindiko proiekturako diseinatu zen hizkuntza-politikari jarraituz.

Online fasea, martxoaren 15etik apirilaren 26ra

Online fasean, ikastaroaren ideia orokorretik abiatuko da ikaslea (kultur transferentziak eta jasangarritasuna), funtsezko galderak zehazteko eta aurre egin nahi dieten erronka handiak definitzeko, haien interes pertsonal eta akademikoak kontuan hartuta. Online saio bakoitzean, erronka horiek ikertzen eta eztabaidatzen jarraituko dute, beren kulturetako ezagutzak eta esperientziak transferituz, eta ikastaroko irakasleen hitzaldietan planteatutako gaiekin elkarreraginez.

Petra Broomans eta Jeanette den Toonder (Groningeneko Unibertsitatea) irakasleek esparru teoriko bat planteatuko diete, bidaiak idazteko moduei, ekoliteraturari eta egileak klima-aldaketari buruzko kontzientzia sortzeko kultura-transmisore gisa duen zereginari buruzkoa. Anne O 'Connor (Galwayko Unibertsitatea) irakasleak kulturarteko komunikazioaz eta paisaiaz hitz egingo du bere hitzaldian. Luc van Doorslaer irakasleak (Tartuko Unibertsitatea) "Itzulpengintza hizkuntza arteko, kultura arteko eta semiotika arteko transferentzia gisa" eztabaidatzeko gonbidapena egingo die. Online fasea itxiz, ikastaroaren koordinatzaile akademikoak, Frederik Verbeke irakasleak (UPV/EHU), migratzaile, errefuxiatu eta gutxiengoei buruz hitz egingo die, kultur transferentziarako eragile gisa: dilema etikoak eta narrazio alternatiboak.

Aurrez aurreko astea, maiatzaren 13tik 17ra

Aurrez aurreko astean, maiatzaren 13tik 17ra, Euskal Herriko hainbat eragile soziokulturalek, elkarteetako ordezkariek, GKEek edo Unesco Etxea edo Etxepare Euskal Institutua bezalako kultur erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute ikastaroan. Hibridalab Arabako Berrikuntza Ireki eta Sormen Transferentziarako Zentroak diseinatutako eta animatutako tailer batean, eragileek testuinguru zehatzak planteatuko dituzte, taldeek, ikasleek eta irakasleek osaturik, ekintza zehatzak diseinatzeko, planteatutako erronkei erantzuteko.

Aste presentzialaren amaieran, Letren Fakultateko Gradu Aretoan bi eguneko (maiatzaren 16-17ENLIGHT Research Seminar on Cultural Transfer and Sustainability ikerketa-mintegia egingo da, IdeoLit ikerketa-taldeak antolatuta. Mintegi horretan, diseinatu dituzten ekintzak aurkeztuko dituzte ikastaroko ikasleek, eta proposamenak eztabaidatuko dituzte eragileekin, ikastaroko irakasleekin eta nazioarteko hainbat aditurekin.
Ikastaroko partaideekin eztabaidatu aurretik, mintegira gonbidatutako adituek hainbat gai jorratuko dituzte hitzaldi elkarrizketatuetan. César Domínguez irakasleak (Santiagoko Unibertsitatea) munduko literaturaren aztarna ekologikoa aztertuko du, batez ere inprentaren garaian, eta Michael Cronin irakasleak (Trinity College Dublin) "Highway to (Climate) Hell? Mobility and the More-Than-Human World" hitzaldiarekin hasiko du hitzaldia. Pierre Schoentjes irakasleak (Ganteko Unibertsitatea) leize parietaletara eramango gaitu literaturaz eta historiaurreaz hitz egiteko, eta Sara Buekens irakasleak (Ganteko Unibertsitatea) ingurumenari buruzko afrikar literaturari buruzko hainbat gai planteatuko ditu. Sarah De Mul irakaslearekin (Open University, Holanda), XXI. mendeko akiduraren kulturari (burnout culture) emandako erantzun artistiko eta literarioei buruz eztabaidatzeko aukera izango dugu, eta Massih Zekavat ikertzailearekin (Groningeneko Unibertsitatea), Chthulucenoko entretenimenduaren industriaren inpaktu ekologiko anbibalenteei buruz.
Hitzaldi horiez gain, Raili Marling irakasleak (Tartuko Unibertsitatea) hitzaldi bat emango du astearen hasieran, kulturen arteko komunikazioko botere-desorekei buruz, eta Unai Pascual irakasleak (Ikerbasque, Basque Center for Climate Change) hitzaldia emango du astea amaitzeko, Humanitateen eta beste diziplina zientifiko batzuen arteko loturak sortuz.

Astearen amaieran, irakasleek eta ikasleek ikastaroaren balantzea egingo dute, lehenik elkarrekin, eta ondoren bakoitzak bere aldetik. Ikasle bakoitzak txosten bat idatziko du, eta bertan, besteak beste, gogoeta egingo du ikaskuntza-esperientziari buruz, talde-dinamikei buruz, ikastaroak maila akademikoan zein pertsonalean duen eraginari buruz, eta aurrez aurreko astean izandako kultura-transferentziei buruz. Irakasleek, bestalde, networking saio batean parte hartuko dute, etorkizuneko lankidetza ekimenak diseinatzeko ENLIGHTen esparruan, bai irakaskuntza mailan, bai ikerketa mailan.

CBE i3lab laborategi iraunkorra

BIP ikastaro honek Erronketan Oinarritutako Hezkuntza praktikara eraman nahi du (Challenge Based Education, CBE), ENLIGHTk eta UPV/EHUk bultzatzen duten eredu pedagogikoa. Hori dela eta, ikastaroak Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzako Errektoreordetzaren eta Hezkuntza Aholkularitzako Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) laguntza du, eta, bereziki, sortu berri den CBE i3lab Laborategi Iraunkorrarena. Horren helburua, hain zuzen ere, CBE metodologiarekin lotutako azterketan aurrera egitea da, ENLIGHT proiektuarekin koherente eta lerrokatuta. Laborategi Iraunkorraren bidez, ikasturte honetan CBE abian jartzeko prozesuaren jarraipena egingo da, eta esperientzia nazioarteko foroetan partekatuko da.

Gainera, DREAM (Donostia Research Group on Education and Multilingualism) ikerketa-taldeak, Euskampusekin lankidetzan, taldearen errealitate eleaniztunari eta kulturaniztunari buruzko ikerketa-ekintza bat egingo du, ikastaroan zehar gertatuko diren hizkuntza-praktikei eta hizkuntza-paisaiari buruzko datuak bilduz, hainbat hizkuntza erabiltzeko tresnak eta jardunbide egokiak gomendatzeko, eta, horrela, kultura- eta hizkuntza-aniztasunari buruzko kontzientzia lortzen laguntzeko.

Ikastaroak eta ikerketa-mintegiak, gainera, honako hauen laguntza dute: Europako Batzordea (Erasmus+), ENLIGHT, Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetza, Letren Fakultatea, Filologia eta Historia Saila, IdeoLit ikerketa-taldea, Literatura Konparatuko eta Literatura Ikasketetako Doktoretza Programa eta Masterra, eta Euskampus Fundazioa.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan ikastaroaren koordinatzaile akademikoarekin, Frederik Verbeke irakaslearekin: frederik.verbeke@ehu.eus.