Beste urte batez otsailaren 21ean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izan nahi dugu gogoan; aurten, otsailaren 19an egingo dugun ekitaldiarekin. Ekitaldi horretan Nasa-Yuwe hizkuntza izango dugu erdigunean; izan ere, hizkuntza gutxitu horren ekintzaileei eman diete 2025eko LINGUAPAX saria. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak (MHOUK), Garabideren eskutik, Caucako (Kolonbia) nasa komunitatearekin egindako elkarlanaren emaitza da Nasa-Yuwek biziberritzean egindako bidea. Landa-lan horren berri emango digu Arkaitz Zarragak, eta lortu diren emaitzak eta izandako oztopoak azalduko dizkigu. Baina beren jatorrizko komunitatetik urruti bizi diren nasak ere badira, eta haiengana hurbilduko gaitu Laura Camila Villarrealen ikerketa-lanak. Ikertzaile horrek Bogotan dauden nasatarrengana hurbilduko gaitu haiek ama-hizkuntzarekiko dituzten bizipenak eta kezkak ezagutzeko. Gonbidatu ditugun hizlari horien aurkezpenen ostean, haiekin solasaldia izateko aukera izango du hurbiltzen den orok. Ekitaldia Vitoria-Gasteizko Letren Fakultateko (EHU) Gradu Aretoan izango da, eguerdiko 12:30ean. Sarrera doan.