2025/06/02-2025/07/01
Ikertaldeentzako laguntzetarako deialdia, inplikatutako komunitatearekin enplegu eta inklusio sozialeko politiken ebaluazioa hobetzeko ekintzak gauzatzeko

UPV/EHUk eta Besaldik, enplegu eta inklusio politiken ebaluazio organoak, ezinbestekotzat jotzen dute unibertsitateko eragileen eta enplegu eta inklusio politiken ebaluazioa hobetu nahi duten eragile interesdunen komunitatearen arteko elkarrizketa. Komunitate hori hauek guztiek osa dezakete: enplegu eta inklusio politikak ebaluatzen dituzten pertsonak eta erakundeak; enplegu eta inklusio politiken arloko erreferenteak;
enplegu eta inklusio politikak aplikatzen dituzten erakundeetako (publikoak edo ez) langileak edo zuzendariak; inklusioaren eta enpleguaren arloetan inplikatuta dauden kolektibo, mugimendu edo entitateetan parte hartzen duten herritarrak; eta enplegu eta inklusio politiken unean-uneko hartzaileak. EHUgune Gizartearekiko Harremanetarako Zuzendaritzak estrategian lagundu dezake, unibertsitatearen eta eragile interesdunen artean elkarrizketa bideratuta.

Laguntzen deialdi honen helburua da hausnarketa partekaturako espazioak eta prozesuak sustatzea, alde batetik, UPV/EHUko langileen eta/edo ikertaldeen edo taldeen, eta, bestetik, enplegu eta kohesio sozialerako politiken ebaluazioa hobetu nahi duten eragile interesdunen artean. Xedea da unibertsitatearen eta eragile horien arteko elkarrizketa enplegu eta inklusio politikak ebaluatzeko estrategiak hobetzeko bidea izatea, ahal dela inplikatutako pertsonen lankidetzarekin.

Ekintza horien bidez irizpideak, metodologiak, ebaluazio adierazleak eta enplegu eta inklusio politiken ebaluazioa hobetzeko beste edozein alderdi diseinatu, zehaztu eta/edo eztabaidatu nahi da. 2025eko iraila eta abendua bitartean garatu beharreko ekintzek bideratu egin behar dute unibertsitatearen eta inklusio eta enplegu politiken ebaluazioan interesa duen komunitatea osatzen duten sektore, espazio edo erakunde sozialetako (publikoak edo pribatuak) baten edo batzuen arteko elkarrizketa.