Uda ikastaroa: “ZIENTZIA FORENTSEAK ETA KRIMINALISTIKA: ADITU FROGA AUZITEGIETAN”, ekainak 23 eta 24. Balio akademikoa: 20 ordu
Modalitatea: aurrez aurrekoa eta online zuzenean
Aurrez aurreko saioen lekua: Miramar Jauregia, Donostia.
Zuzendaria: Isabel Germán eta Paco Etxeberria
Azalpena:
Programa hau UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zientzia forentseen eta kriminalistikaren adarrean kokatzen da, aurreko hiru urteetakoei segida emanez: 2022an krimenaren gertalekuko kudeaketa juridiko eta politikoa aztertu genuen; 2023an, krimenaren gertalekutik laborategirako bidea egin genuen; eta 2024ko ikastaroan laborategi kriminalistikoko perituen gaitasun teknikoak hartu genituen aintzat.
Oraingo honetan, eta aurreko ikastaroetan landutakoa osatuz, adituen txosten edo frogei erreparatuko diegu. Gai jakin batean esperientzia edota ezagutza duen eta horretarako prestakuntza berezia jaso duen adituak egiten duen jarduera multzoa da peritu froga edo txostena, eta haren helburua da datu fidagarriak biltzea, auzi batean alegatutako zerbait egia ala gezurra den erakusteko eta frogatzeko erabil daitezkeenak
Arlo desberdinetako peritu txostenak prestatzeko prozesua aztertzeaz gain, txostenak epaitegian defendatzeko modua aztertuko dugu, eta epaileek eta auzitegiek nola egiten duten haien balorazioa.
INFORMAZIO GEHIAGO: “Zientzia forentseak eta kriminalistika: aditu froga auzitegietan”