2024/12/16-2025/05/06
Fecha Celebracion: 05/05/2025
I. Nazioarteko Biltzarra • Naizen • Haur eta gazte transexualitatea

I. Nazioarteko Biltzarra • Naizen • Haur eta gazte transexualitatea
Ulertu, lagundu ahal izateko
Bizkaia Aretoa. Bilbo.
2025eko maiatzaren 5 eta 6an.

Haur eta gazte transexualitatearen inguruko gizarte-polemika gero eta handiagoa da, eta horrek eztabaida eta hausnarketa bateraturako espazioak eskatzen ditu, hainbat ikuspegitatik (soziologikoa, psikologikoa, sexologikoa, psikiatrikoa, hezkuntzazkoa, endokrinologikoa, etab); halaber, truke eta elkarrizketa handiagoa eskatzen du ezagutza akademikoaren, profesionalaren eta esperientziatik datorren ezagutzaren artean, helburu komun batez, alegia, haur eta gazte horien prozesu biografikoetan sortzen diren beharrei arreta ematea eta pertsona horien ondoan egotea. Beharrezkoa da errealitate horien ulermenean aurrera egitea ahalbidetzen digun diziplinarteko elkarrizketa bat sortzea, egon daitezkeen desadostasun teoriko eta epistemologikoen gainetik, edo agian, hobeto esanda, begirada eta ikuspegi desberdinen aberastasunari esker.

Helburu xume horrek bultzatuta, hau da, haur eta gazte transexualitatearen errealitatea ulertzea, ahalik eta akonpainamendurik onena eskaintzeko xedez, aurkezten dugu biltzar hau: haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen Nazioarteko I. Biltzarra. Bertan, hainbat alorretako ordezkariak bilduko dira: ikerketa, hezkuntza, gizarte-lana, sexologia, psikologia, psikiatria, endokrinologia, soziologia, administraritza, etab., aktibistak, trans pertsonak, senideak eta haur eta gazte transexualen egoeragatik interesatuta eta haiekin konprometituta dauden pertsonak.

Biltzarreko mahai eta hitzaldiek garrantzi handiko gaiak jorratuko dituzte, hala nola ikerketaren gaurko egoera: aztergai egongo da zer har daitekeen ebidentziatzat eta zer ebidentzia ditugun gaur egun haur eta gazte transexualei buruz; halaber, beste gai hauek ere jorratuko dira: begirada eta ikuspegi teorikoetan aniztasuna, osasun-zerbitzuetatik eta eskola-eremutik eskaintzen den akonpainamendua, trantsituetan geratzen diren noranzko-aldaketak, eta errealitate ez-bitarrak. Orobat, aukera egongo da trans bizipenak ezagutzeko eta baita familien elkarteen ahotsa entzuteko ere.

Hizlariak: Rosa Almirall, Aitzole Araneta, Jon Arcelus, Atilano Carcavilla, Annelou de Vries, Darko Decimavilla, Olatz Etxebarria Perez de Nanclares, Pablo Expósito, Alessandra D. Fisher, Cal  Horton, Eder Iturralde, Josebe Iturrioz, Joserra Landa, Aingeru Mayor, Lucía Mendiondo, Joz Motmans, Nieves Moyano, Teo Pardo, Ares Piñeiro, Itxaso Rica, Jiska Ristori, Elsa Ruiz, Bea Sever, Nat Thorne.
​​​​​​​Familien elkarteak: Arelas, Chrysalllis, Euforia, Llar Trans, Naizen, TT Bórdoba, Veus Trans*, GenderLens.

Honako hauei zuzenduta: Hezkuntza, Gizarte Lana, Sexologia, Soziologia, Antropologia, Psikologia, Psikiatria, Endokrinologia, Familia Medikuntza, Erizaintza, Urologia, Ginekologia, Berdintasun Zerbitzuak, Erakundeak, Administrazio Publikoak, Politika eta Kazetaritza arloetako ikasleei, ikertzaileei eta profesionalei; baita aktibista eta senideei ere.

Informazio guztia Biltzarraren webgunean.

Izena emateko eta komunikazioak bidaltzeko epea zabalik dago.

Antolatzailea: Naizen, haur eta gazte transexualen familien elkartea
Ko-antolatzailea: Bilboko Udala.