Etikasi giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-proiektu bat da: Ipar Irlandako eta Euskadiko hainbat herritara bisita hezitzaileak egiten dituzte programako parte-hartzaileek. Leku hauek motibazio politikoko indarkeriak markatutako giza eskubideen urraketak izan dituzte.
Nork hartu dezake parte?
18 eta 30 urte bitarteko EAEko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleek izango dute parte hartzeko aukera. 20 pertsonentzako plazak daude, ez galdu aukera!
Zer egin behar dut parte hartzeko?
Interesdunek honako dokumentu hauek bidali behar dituzte martxoaren 16rako 23:59ak baino lehen:
· Izen-emate galdetegia bete.
· Egiten ari zaren ikasketetan onartuak izanaren ziurtagiri bat (matrikula, adibidez).
· Ingeleseko B2 maila frogatzen duen ziurtagiria.
· Giza eskubideei buruzko hausnarketa propioa (1200 eta 1500 hitz artean).
Bidali beharreko dokumentu zein fitxategi guztiak bakea@egk.eus helbidera bidali behar dira “Etikasi 2025” gaiarekin.
Izena ematen duten pertsona guztien artean hautaketa prozesu bat egongo da. Informazio guztia hemen duzu eskuragarri.
Noiz izango dira bidaiak?
Ipar Irlandara uztailaren 4tik 8ra joango gara eta Euskadin egingo dugun asteburu-pasa urriaren 3tik 5era.
Bidaien aurretik, 6 orduko formakuntza saio bat izango dugu, ekainean izango dena. Bidaien ostean, gainera itxiera saio bat egingo dugu ikuspegi etikotik Euskadin eta Ipar Irlandan gertatutakoaren memoriatik atera daitezkeen elementu komunei buruzko ondorioak ateratzeko.
Gastu gehienak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…). Baina, ADI! Belfastera joateko ETA UK ziurtagiria norberak eskuratu eta ordaindu beharko du!!! Ziurtagiri hori apiriletik aurrera Belfastera bidaiatzeko beharrezkoa izango da eta 12 euro baino gutxiago balioko du (aurrerago informazioa bidaliko dizuegu).
Informazio guztia www.egk.eus webgunean dago ikusgai.
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 945 220 601 telefonora (Mónica) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.